XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Gustora geratuko nintzateke..., baina, nire aita gizajoa? - Gauza denetan pentsatu dut.

Zure aita jakinaren gainean dago eta ilunabarrerako hemen izango da.

- Benetan...?- oihu egin zuen Pinotxok jauzika -.

- Orduan, Maitagarri nirea, ez bazaizu inporta, bidera irten nahi diot.

- Nigatik hainbeste sufritu duen agure gizajoa orain besarkatu ahal izango dudala pentsatze hutsa ere gezurra iruditzen zait.

- Zoaz, ba. Baina kontuz, galdu gabe ibili.

Har ezazu basorako bidea eta ziur nago aurkituko duzula!.

Abiatu zen Pinotxo eta, basoan sartu orduko, basahuntz baten antzera lasterka hasi zen.

Baina leku batetara iritsi zenean, ia Arte Handiaren aurrekaldean, gelditu egin zen adar artean jende hotsa entzun zuela iruditu zitzaiolako.

Halaxe zen, badakizue zeintzu ikusi zituen? Azelemea eta Katua, Karramarro Gorriaren ostatuan elkarrekin afaltzen egon ziren bere bi bidaia lagunak.

- Hemen dago gure Pinotxo maitea! Nolatan zu hemen?- zioen Azelemeak oihuka, besarkatzen zuen bitartean.

- Nolatan zu hemen?- errepikatu zuen Katuak.

- Ixtorio luzea da eta, patxadan, lasai-lasai kontatuko dizuet - esan zien panpinak -.

- Hala ere, jakin ezazue, ostatuan ni bakar-bakarrik utzi ninduzuela eta zuen atzetik abiatu nintzenean, eraileekin topo egin nuela.

- Eraileekin? Ai, lagun gizajo hori! Eta zer nahi zuten? - Urrezko txanponak lapurtu nahi zizkidaten! - Zirtzilak!- esan zuen Azelemeak.

- Zirtzil handiak!- errepikatu zuen Katuak.

- Baina ni iheska hasi nintzen - jarraitu zuen panpinak -, eta beraiek nire atzetik, azkenean harrapatu eta zuhaitz haren adarretik zintzilikatu ninduten...